PLH

Errobi-Aturri Herri Elkargoak 6 herri eta 18 000 biztanle ditu. Hiri eta baserrialde arteko lurraldea da. Azken hamarkadetako historiak erakusten du biztanle berri anitz etorri dela eta horrek lurraldearen garapen adierazgarria eragin duela.

Lehen Bizilekuaren Tokiko Plana: 2007/2012

Lehen Bizilekuaren Tokiko Planaz geroztik (2007/2012), Errobi-Aturri Herri Elkargoak erakutsi du garapen hori menderatzeko xedea duela, batzuetan doi bat anarkikoa izaten ahal baita. Beraz, ahaleginak egiten ditu banakako etxeak, isolaturik edo lotizamenduetan, ez daitezen hirigintzaren erreferentzia bakarra bilaka.

Lurraldeko hautetsiek gogoetatu dute, Lurralde Koherentziarako Eskemaren sindikatu mistoarekin batean, eta horri esker, joera berrorekatu da: banakako etxeen eraikuntza mugatu da, eta taldekako etxebizitza-eragiketak garatu dira, ekipamendu publikoko gastuak (bideak, sareak...) eta lur kontsumoa ttipitzeko, eta mugikortasun gaiei bestela lotu ahal izateko. Gainera, kostuak apalagoak dira lurraldeko familientzat edo bertan kokatu nahi dutenentzat.

T2/T3 etxebizitzak sortuz, biziko egoitza ibilbidea posible egiten da: gazteek, prest direlarik, autonomia lortzen dute, familiako etxea utziz; adineko jendeak saltegietatik eta zerbitzuetatik hurbiltzen ahal dira; buraso bakarreko familiek alokairu irisgarriak atzematen dituzte, etab.

Bizitegi soziala ordu arte biziki mugatua zen. Orain, egiazko tokia hartu du Hiriburu eta Mugerreko bizileku eskaintzan -bi herri horiek SRU legearen %25eko bizitegi sozialen helburuen menpe baitaude-, baita Milafranga, Lehuntze, Urketa eta Ahurtikoetan ere.

Bigarren Bizilekuaren Tokiko Plana: 2014/2019

Bigarren Bizilekuaren Tokiko Plana 2014/2019 aldirako sortua izan da, eta 17 ekintzatan banatzen da. Lehen planaren bidea segitzen du, lau erronka hauei ihardesteko xedearekin:

  • Bizitegien ekoizpen orekatua segurtatzea, hartzaileen aniztasunari eta lurraldearen egoerari egokitua
  • Bizileku iraunkor eta menperatuaren garapena sustatzea
  • Sostengu berezia behar duten biztanle multzoei aterabide egokituak proposatzea
  • ERROBI-ATURRI Herri Elkargoaren Bizileku eskumena finkatzea eta egituratzea

PLH hau errealista da. Dokumentua idazteko, egun dagoenaren diagnostikoa egin zen, etxebizitza beharrak zein diren finkatzeko, eta, aldi berean, herriek etxebizitzak ekoizteko duten egiazko gaitasuna kontuan hartu zen, etxebizitza-eragiketen aitzinamenduaren arabera.

PLH hau partekatua da. 2 urteko lana behar izan da, Errobi-Aturriko 6 herriekin, Baionako hiriguneko eta Landesetako hegoaldeko SCOTarekin eta Estatuko eta Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Nagusiko zerbitzuekin lankidetzan.

PLH hau politika publiko hauen bidegurutzean kokatzen da:

  • bizitegiena (1 087 bizitegi pentsatuak, eta horietatik 475 bizitegi sozial),
  • enpleguarena (CEF pleita gunea, Lehuntzeko akitbitate eremua, Ikea, Oxylane eta Milafrangatik hurbil dagoen gune ekonomiko bat),
  • mugikortasuna (Chronoplus sarea Mugerrera eta Lehuntzera zabaltzeko ikerketa, 64 Kontseilu Nagusiaren hiri arteko garraio eskaintza indartzea, galdearen araberako garraio zerbitzua aztertzea),
  • saneamenduarena (ur araztegi berriak sortzea).

> Informazio gehiago nahi baduzu, PLHa osatzen duten bi dokumentuak kontsulta ditzakezu (frantsesez):